Ezagutu GATEPACeko Ipar Taldea
Testuinguru bat arkitektura-proiektuen bilduma batentzat
Zazpi urte besterik iraun ez bazuen ere (1930-1937), gatepac erakundeak ekarritako berrikuntzak eta erakutsitako ausardiak goitik behera haizeberritu zuten arkitekturaren panorama. Izan ere, sekula ez zitzaion Espainia abangoardiako arkitekturaren arrastoari hurbilagotik jarraikiko nola erakunde hark iraun zuen bitartean. gatepac erakundea ez zen, noski, hutsetik sortu. Eragile jakin zenbaiten bultzadaz mamituriko gizataldea izan zen lehenbizi, eta testuinguru berezi batean zerturiko elkartea gero. Iturburuak anitz dira; artearen eremukoak batzuk eta politikoak besteak. Alde batera, 1929ko esposizio handien aurkako erreakzio bizia zen. Bi esposiziook, Bartzelonako Nazioartekoa eta Sevillako Iberoamerikarra, estilo historikoekin laketuriko arkitektura melenga eta autokonplazentziazkoa baliatu zuten; pastel baten tankerako arkitektura, José Manuel aizpuruak zioen bezala (1930). Harekin guztiarekin apurtzeko irrika aspaldi piztua zen Bartzelonako Arkitektura eskolako ikasleen artean, eta baita Madrilen ikasitako zenbaiten artean ere, Aizpurua, Joaquín Labaien eta Luis Vallejo tartean zirela.
Congrès International d’Architecture Moderne (ciam) biltzarren eragina ere bazen, noski, eta haietan landuriko gaiak Espainiako testuingurura ekartzeko gogoa: eraikuntzaren industrializazioa, gutxieneko etxebizitza eta hiria antolatzeko modu berriak. Azken finean, jaiotzear zen erakundea cirpacen Espainiako delegazioa izatekoa zen (Comité International pour la Résolution des Problèmes de l’Architecture Contemporaine), harekin elkarlanean jarduteko eta bilkura haietan adosturikoak tokian aplikatzeko.
Ipar Taldearen sorrera, GATEPACen baitan (1930)
Fernando García Mercadalena izan zen erakundearen sortze-batzarra deitzeko erabakia, Josep Lluis Serten laguntzarekin beti ere. Gonbit-gutunak zirela medio deitu zituzten hango eta hemengo arkitektoak erakundea sortzeko batzarrera. 1930eko urriaren 26an izan zen, Zaragozako Gran Hotel-en. Taldeari Grupo de Artistas y Técnicos Españoles para el Progreso de la Arquitectura Contemporánea izena jarri zioten: gatepac. Bultzatzaileek, arkitektoak ez ezik, eraikuntzaren sektoreko industrialariak eta teknikariak erakartzea zuten asmo. Izan ere, xedea ez zen soilik arkitektura berria egitea; material egokiak bilatzea eta sistema berriak asmatzea ere bazen. Haatik, arkitektoak baino ez ziren azaldu Zaragozako bilkurara. Horietatik hamar katalanak ziren —Cristobal Alzamora, Pere Armengou, Ricardo Churruca, Sixte Illescas, Germán Rodríguez Arias, Josep Lluis Sert, Manuel Subiño eta Josep Torres Clavé—; hiru, Madriletik heldutakoak —Fernando García Mercadal, Victor Calvo Martínez de Azcoitia eta Felipe López Delgado—, eta bi besterik ez Euskal Herritik: Joaquín Labaien eta Luis Vallejo—. Halaxe jasoko zuen mekanografiaturiko sorrera-aktak. Laster, baina, batuko zitzaizkien beste batzuk, tartean José Manuel Aizpurua. Hiru taldetan antolaturik jaio zen gatepac: Ekialde Taldea —Kataluniakoa, alegia—, Erdialde Taldea —Madrilgoa— eta Ipar Taldea —Euskal Herrikoa—. Denek hartu zuten gizarte-garapenarekin konpromisoa, hiriaren eta etxebizitzaren arloko alderdi guztiak aintzat hartuz: bizigarritasun-baldintzen hobekuntza, hezkuntza eta osasun unibertsala.
Ipar Taldearen (bir)fundazioa (1934)
Gogotik saiatu zen Aizpurua gatepaceko Ipar Taldea zabaltzen, zela sorreraz gero lankide izandako arkitekto zenbaiten partaidetza bermatzen, zela menbru berriak erakartzen. 1933ko abenduaren 28an Josep Torres Clavéri igorritako gutunean ematen zion Torres Clavéri euskal adar berria osatuko zuten kideen zerrenda: “Donostiatik Aizpurua, Labaien, Lagarde, Vallet, Ponte, Olazabal, Baroja eta Alberdi; Bilbotik Vallejo, Madariaga eta Bilbao; Iruñetik, Zarranz”. Lehen aldia zen Aizpuruak, Labaienek eta Vallejok Ipar Taldea sortu zutenetik, taldearen osaera zehazki ematen zuena, bere kide guztien berri emanez (sanz 1986: 136).
Sarritan ahantziagatik, birfundazio hura ondoriotsua izan zen, inondik ere, zeren eta bederatzi arkitektok taldearekin bat eginda, kideen kopurua laukoiztu ez ezik, pluraltasuna irabazi zuen taldeak, dela izateko moduei, dela ibilbide akademikoei, adinei edota arkitekturari buruzko ikuspegiei dagokienez. Aitzitik, birfundazioak ez ote zuten taldeak sortzetik zekarren koherentzia doi bat desitxuratu. Izan ere, hala nola hastapeneko kideak aurreneko ciam biltzarrekin erabat identifikatuta baitzeuden, 1933ko hondarrean talderatu zirenen artean baziren aldez aurretik ibilbide bat eginda zetozen arkitektoak, zeinek bestelako ikuspegiei uko egin gabe helduko baitzioten modernitateari, ciam biltzarrek agindutakoak betetzeko konpromisotik aske bezala.
Bildumaren egokitasunaz
Deitoragarria begitantzen zaigu Ipar Taldeko arkitektoek egindako proiektuen bilduma oraino egin ez izana. Hutsune historiografiko hori betetzeko helburuz, hain zuzen, ‘20th century Architecture. Technical and Cultural Studies’ ikerketa-taldeak gatepaceko Ipar Taldeak 1930-1936 aldian egindako proiektuen konpilazioa egiteko finantzaketa eskatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak sinatutako hitzarmenaren baitan.
Nola da posible gaur arte gatepacen euskal adarrak egindako proiektuen zerrenda zehatza eman ez izana? Ba, seguru aski, taldearen osaerari buruzko konfusioari zor zaio. Ematen du batzuetan ez dela onartu nahi izan Ipar Taldeak kide berriak egin zituela bere ibilbide laburraren bigarren erdian. Zabaltze haren ondorioz, eta 1934an kide berriak sartu zirenetik Ipar Taldearen ekoizpena dezente handitu baitzen, beharrezkoa izan da proiektuak galbahetik igaroaraztea, proiektuak Mugimendu Modernoari atxikitzen zaizkion ala ez ebazteko. Lengoaia modernoak berezko eta bereizgarriak dituen elementuen erabileraren baitan gelditu da, beraz, proiektu bati edo besteari Ipar Taldearen lanen bilduman sarrera ematea ala ez.
Iturriak: aldizkariak eta artxibategiak
Proiektuak biltzeko bi iturri kontsultatu ditugu. Alde batetik, iturri bibliografikoak, Espainiako arkitektura aldizkariak, bereziki. 1930-1938 aldian Espainian publikaturiko aldizkari aztertu ditugu, Ipar Taldeko arkitektoen proiektuen bila. Hauek dira aldizkariak: AC Documentos de Actividad Contemporánea (Bartzelona, 1930-1937), Arquitectura (Madril, lehenengo aldia: 1918-1931, eta bigarrena: 1932-1936), Propiedad y Construcción: revista mensual técnica información (Bilbo, 1924-1936) eta Cortijos y Rascacielos (Madrid, 1931-1936 aldia). Halaber aztertu dugu Nueva Forma: arquitectura, urbanismo, diseño, ambiente, arte aldizkaria, nahiz geroagokoa izan (Madril, 1968-1975).
Bestalde, kontsulta sistematikoa egin dugu Ipar Taldeko arkitektoek lan egin zuten lurraldeetako udal artxiboetan: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa (horien artxiboak Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionalaren parte dira), eta Nafarroako udal artxiboetan eta Nafarroako Artxiboen Sisteman. Halaber kontsultatu ditugu Euskadiko eta Nafarroako Artxibo Historikoak. Horietan guztietan proiektuen kopia digitalak eskatu ditugu, artxibatu, editatu eta antolatzeko gero. Argazkien kopiak ere eskatu ditugu, halakorik zegoenetan.
Zenbat proiektu dira?
Zenbat arkitektura-lan egozten ahal zaizkio gatepaceko euskal taldeari? Asko al dira? Ez, ez asko. Alde batetik, esan bezala, zenbait kidek ‘zegokionean’ baizik ez zuten lengoaia modernoa baliatu izan. Bestalde, arestian esandako arrazoiak tarteko, eraikingintza urria izan zen oso, bai sustapen pribatuaren arloan, eta baita publikoarenean ere. Horren guztiaren ondorioz, Ipar Taldeko obrek multzo mugatu eta kuantifikatzeko moduka osatzen dute. Zenbat lan izan ziren, bada? Hirurogei bat. Horietatik 35 bat eraiki ziren, partikularren enkarguen ondorioz gehienak, eta zutik diraute, bakarren bat izan ezik. Eraiki gabeko proiektuak lehiaketetara aurkeztutako proposamenak dira gehienak, bai udal mailako norgehiagokatan, bai ministerioren batek deiturikoetan. Han eta hemen aurkitu ahal dira, hiriguneetan normalean. Horiek osatzen dute gatepaceko Ipar Taldearen emaitza. Bego bada, bere horretan, aintzat hartua eta gogoratua, beharra badu eta.