Hiria berroneratzeko eta eraikinak birgaitzeko esku-hartzeen ondoriozko hiri-paisaiaren antzaldaketa arautzeko proposamen metodologikoa.
Kasu azterketa: Opengela programaren baitako bizitegi multzoen gaineko aplikazio praktikoa
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Lurralde Plangintza eta Hiri Agenda Zuzendaritza
Iraupena:2024-2025
Proiektuaren abiapuntua Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Etxebizitzako, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak (aurrerantzean ELAZ) UPV/EHUri egindako dirulaguntza esleipena da, hiri-paisaiari buruzko azterketak eta irizpideak garatzeko baliatuko dena.
Eraikuntzaren sektorea erronka erabat eraldatzailea du bere aurrean, zeinak bi eskakizun uztartzen baititu: alde batetik, bizimodu duina izateko beharrezkoak diren bizigarritasun baldintzak sortzeko konpromiso soziala; beste aldetik, baliabideen kontsumoa eta atmosferara isurtzen diren berotegi-efektuko gasak murrizteko konpromisoa. Etxegintzari bete-betean eragiten dioten auziak dira bi-biak. Hori dela eta, hainbat proiektu abiatu ditu ELAZek, Euskadin emango diren hiri-berroneratze esku-hartzeak gidatzeko. Horien artean dago, leku nabarmenean egon ere, Opengela programa, zeinak hiri-berroneratze esku-hartzeak zuzentzen baititu, hirietako bizi-kalitatea hobetzeko helburuz, han eta hemen auzo-bulegoak zabalduz. Bulegook leihatila bakar gisa jarduten dute, auzotarrei lagunduz beren etxeak birgaitzeko prozesuan. Bada besterik, Opengelaz ez ezik: Hiri-kalteberatasunaren inbentarioa, alde batetik, eta “Euskadiko Eraikinen Parkean epe luzera esku hartzeko estrategia”, bestetik: Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikin guztien birgaitze energetikorako ekintza-plana egiteko lehen saiakera, zeinak bi xede baititu: batetik, bizitegi-parkearen baitako desberdintasunak murriztea eta sozialki onargarria den bizigarritasuna bermatzea; bestetik, Europaren baitan 2020-2050 aldirako eraikuntza-sektorearentzat ezarritako deskarbonizazio-helburuak betetzea.
Azaldutako argudioak aintzat hartuz gero, begibistakoa da auzo eta etxeengan esku-hartzeko beharra. Biziberritze- eta birgaitze-prozesuek, ordea, eragin nabarmena dute hiri-paisaian. Izan ere, eraikinen aurrealde eta fatxadei era guztietako azal eta akabera berri eta askotarikoak irizpide garbirik gabe itxeki izanak, gure herri eta hirien fisionomiaren eraldatze nabarmen bezain atzerazinezkoa eragin baitu. Ildo beretik, garrantzitsua da egiaztatzea ezen, eraginkortasun energetikoa hobetzea beste irizpiderik ez delarik eta inguratzailearen edo eraikinaren azalaren gainean esku-hartzen delarik, eraikinaren konposizio- eta arkitektura-irudiari egin dakiokeen kaltea plangintza-araudiek ezarritako parametro-multzoetatik kanpo geratu izan dela.
Ekuaziotik kanpo geratzen dira, hortaz, eraikinen kanpoaldeko azalaren eraldaketaren ondorioz aldatu edo kaltetuta suerta litezkeen alderdiak, izan konposizioari dagozkionak, tipologikoak, estetikoak edota arkitektura edo hirigintzaren baitakoak, eta ez dira kontuan hartzen esku-hartze motak arautzeko orduan, salbu eta babes-katalogoetan aurrez sartutako eraikinen edo multzoen kasuan, ondare-izaera baitute; kasu horietan irtenbiderik errazena agintzen dute araudiek: etxeok beren itxituraren energia-ezaugarriak hobetzeko betebeharretik salbuetsi.
Zer gertatzen da oraindik babestu izana merezi ez duen eraikin edo eraikin-multzoekin, zeinen “izaera edo itxura” zeinahi esku-hartze tarteko eta atzera bueltarik gabe alteratu ahal baita?
Arkitektura modernoaren balioa aintzat hartzeko premia abiapuntu, eta haren inguruan diharduten eragile guztiak horretan bat etorririk ere, gatazka sortzen da parte hartzen duten guztien artean (administrazioa, arkitektoak eta kontserbazioan eta ondarean adituak). Izan ere, benetakotasuna, esanahia eta ondarearen balioa bezalako kontzeptu ukiezinetatik eratorritako eztabaida filosofikoek eztabaida eragiten dute. Izan ere, sestra iturri dira, besteak beste, materialen ordezkatze zentzuzkoaren, formarekiko eta lengoaia berriarekiko begirunearen edota funtzio eta behar berriekiko egokitzapenaren ingurukoak, hala nola energia-efizientzia hobetzeko esku-hartzeak. Termino kontzeptual eta estilistikoetan modernotzat ulertu nahiz ez, babestu egin behar dugu arkitektura garaikide aintzatetsia, historiaren lekuko baita eta kalitate arkitektoniko ezagugarria baitu. Hogeigarren mendeko ondarean gainean egindako esku-hartze orok zentzuz arautua izan beharko luke; are, protokolo argiak beharko lirateke ezarri, zertarako, eta, aurreikusitako esku-hartzeak obraren ondare formal eta teknologiko espezifikoa hondatzen ez duela aurretik froga dadin eskatzeko.
Hobekuntza energetikoa helburu duten esku-hartzeen esparruan, eta jarduera-eremu gisa hogeigarren mendean eraikitako etxebizitza-parke zabala hartuta, beharrezkoa da arreta jartzea desitxuratzeko arriskuan diren arkitektura-multzo eta eraikin guztietan; izan ere, haien itxura ez ezik, “izaera” bera ere kolokan egon baitaiteke. Esku-hartze energetiko gehienak eraikinaren inguratzaileari azal berri bat eranstean oinarritzen dira gehienetan. Konponbide pasibo bat da, zeinak etxearen eraginkortasun energetikoa hobetzeaz gain, balizko lesioak saneatzeko eta konpontzeko aukera ematen baitu, aldi berean irudi berritu eta gaurkotua emanez etxeari. Alde batera utzita etxearen aurrealdea eta, orohar, jatorrizko aurrealdea ofizialki babestua edo aintzat hartua den ala ez, gisa honetako esku-hartzeen ondorioak, baldin eta inguratzailearen diseinuak, osaerak eta materialtasunak balio arkitektoniko esanguratsua eta nabarmena duten eraikinetan aplikatuak badira, atzeraezinak dira; ez dute biderik ematen jatorrizko itxura berreskuratzeko.
ELAZek arazoa antzeman, eta egokitzat jo du hiri-berroneratzearen eta eraikinen birgaitzearen esparruan egiten ari diren esku-hartzeek hiri-paisaian izan dezaketen eragina aztertzeari ekitea. Horretarako, ikerketa-proiektu hau jarri du martxan: “Hiria berroneratzeko eta eraikinak birgaitzeko esku-hartzeen ondoriozko hiri-paisaiaren antzaldaketa arautzeko proposamen metodologikoa. Kasu azterketa: Opengela programaren baitako bizitegi multzoen gaineko aplikazio praktikoa”. Proiektuaren helburua da, alde batetik, metodologia orokor bat garatzea, Euskadiko edozein udalerritan hiri-berroneratzearen eta eraikinen birgaitzearen arloan egin daitezkeen esku-hartzeak arautzeko balioko duena, eta, bestetik, Opengela programaren baitako bizitegi-multzoetan aplikazio praktikoa probatzea, kasu azterketa gisa.