Ikerketa-ildoak

Ikerketa-ildoak

20. mendeko Arkitektura

20. mendeko Arkitekturaren eraikuntza

20. mendeko Arkitekturaren hondamena eta narriadura

20. mendeko Arkitekturaren gaineko esku-hartzea eta konponketa

20. mendeko Arkitekturaren digitalizazioa

20. mendeko Arkitekturaren katalogazioa eta inbentarioa

20. mendeko Arkitektura

Hogeigarren mendeko arkitektoei eta haien lanei buruzko informazio eta agirien bilaketa du xede ikerketa-lerroak. Hogeigarren mendean Euskal Herrian eraikitako arkitektura-lanen proiektuak, argazkiak eta dokumentu teknikoak bilatzeaz gain, askotan ahaztuta geratu diren arkitektoen biografiak eta haien obrak argitara ateratzea du ere helburu, lanok testuinguru zabal batean jarrita betiere, eta garaiko korronte nagusiekin erlazionatuta.

20. mendeko Arkitekturaren eraikuntza

Eraikuntza-sistemek ordura arte ezagutu gabeko bilakaera bizi izan zuten hogeigarren mendean zehar. Izan ere, eraikuntzaren baitako aurrerapen teknologikoak aurreko mendeetakoak baino askoz handiagoak izan ziren, hala kuantitatiboki nola kualitatiboki. Egia da arkitektura-corpusa askotarikoa eta konplexua dela gurean; hori bezain egia da hogeiko ondare arkitektonikoak, gainera, ezaugarri bereziak dituela teknologiaz den bezainbatean, hogeigarren eta hemeretzigarren mendeetako industria-ekoizpen sistemekin lotuta egoki.

Ikerketa-lerro honek hogeigarren mendean erabilitako eraikuntza-sistemak aztertzen ditu, bai etxebizitza kolektiboa eraikitzeko baliatutakoak, bai beste edozein motatako programa eta etxeak egiteko erabilitakoak. Funtsezko ildotzat jotzen da. Izan ere, aldez aurretik esku hartu beharreko eraikinaren eraikuntza-ezaugarriak ezagutu ezean, eta hura egin zeneko testuinguru teknologiko, industrial eta sozial osoa aztertu ezean, dena delako esku-hartzeak porrot egingo du seguru.

20. mendeko Arkitekturaren hondamena eta narriadura

Eraikuntza-sistema batek berezkoa du, besteak beste, hondatzeko modu jakin bat. Bere izaerari datxekion ezaugarri berezkoa da, zeina erabilitako materialen, horien ezaugarri erreologikoen, elementuen arteko harremanaren, babesaren eta esposizioaren menpe baitago. Hogeigarren mendeko arkitekturari dagokionez, haren narriadura-koadroak aurreko ezein gizalditako eraikinena baino konplexuagoa da inondik ere, hain da eta askotarikoa sistema bera, direla materialak, direla elementuak eta funtzioak.

Bestalde, gauza jakina da energia aurreztea edo berotegi-efektuko gasen isurpen-mailaren auzia eraikuntzaren teknologiatik kanpo geratu izan direla oraintsu arte. Alabaina, konfort-estandar berriak nagusitu izanaren ondorioz eta CO2 isuriak murrizteko mundu mailako erronka dela eta, eraikuntza oro har, eta hogeigarren mendean bizitegiak eraikitzeko baliaturiko sistemak, eskasak izan dira. Ikerketa-lerroak, besteak beste, hogeigarren mendeko bizitegi-mota bakoitzaren energia-eskaria eta emisio-maila eskuratzea du xede, energia-karakterizazioa funtsezkoa baita zeinahi errehabilitazio-estrategia garatzeko orduan.

20. mendeko Arkitekturaren gaineko esku-hartzea eta konponketa

Kultura- eta arkitektura-ondareari buruzko nazioarteko dokumentuen artean, hogeiko ondareari buruzko esku-hartzean gehien eragiten dutenak dira Cadizeko Gutuna eta Madrilgo Dokumentua, zeinean hogeigarren mendeko Ondare Arkitektonikoa Kontserbatzeko Irizpideak aldarrikatzen baitzituen.

Hala dio Cadizeko gutunak (2007), argi eta garbi esan ere, Mugimendu Modernoko eraikinak desagertzea hiri eta herrien porrota dela, nola kulturaren ikuspegitik, hala ingurumenekotik. Horrez gain, gaur egungo arkitektura-ondarea kontserbatzeko funtsezkotzat jotzen du lau alderdiri arreta ematea: lehenik eta behin, hogeiko arkitektura zaintzea, ez dadin esku-hartzearen ondorioz desitxuratua suerta; bigarrenik, mugimendu modernoak sortutako hiri- eta paisaia-giroak iraunaraztea; hirugarrenik, Mugimendu Modernoko eraikinak mantentzea, eta azkenik, Industria-eraikinei lotutako eraikuntza-teknikak zaintzea.

Lerroak hogeiko eraikinen kontserbazio-teknikei buruzko ikerketari emango dio bide; hau da, ohiko mantentze-lanetatik haragoko esku-hartze zeinahi bide, osagai guztien ezaugarriak mantentzea helburu duena.

Errehabilitazioari buruzko ezagutza berria sortzea du xede, bigarrenik. Izan ere, babestu gabeko etxeetan esku hartzeko estrategiak ditu aztergai, dela energia-portaera optimizatzeko, dela zaharkitua geratu den bizitegi-mota egokitzeko eta handitzeko.

Hogeiko arkitekturaren mantentze-lanari buruz ere jardungo da, zeina elementu arkitektoniko baten gaineko zeinahi operazio izan ahal baita, bere osagai guztien ezaugarriak kontserbatzea edo mantentzea helburu duena, direla funtsezkoak, direla azalekoak.

Azkenik, zaharberritze-estrategiak izango ditu ikergai, arrazoi batengatik edo besteagatik galdu edo desnaturalizatutako eraikinek beren jatorrizko ezaugarriak berreskura ditzaten. Hogeiko arkitekturari dagokionez, konplexuak dira soluzio teknikoak: lehenik, eraikuntzan erabilitako tekniken aniztasuna; bigarrenik, izaera esperimental nabarmeneko sistemak baliatu izana, zeinak ez baitira gehiago merkatuan aurkitzen ahal; eta azkenik, material batzuen iraupen eskasa. Hori horrela, beharrezkoa da estrategia espezifikoak asmatzea eta aplikatzea, bai eta tresna kritiko eta operatiboak prest izatea ere, jakinda, oro har, leheneratzeko ardura duten eragileei arrotz zaizkiela.

20. mendeko Arkitekturaren digitalizazioa

Ikerketa-lerroak digitalizazioa du gogoetagai. Izan ere, gure kultura-esperientzia sakonki aldatzen ari da, ez bakarrik ekoizpenari eta hedapenari dagokienez, baita ezagutzaren gizartean parte hartzeari, sorkuntzari eta ikaskuntzari dagokienez ere.

Arkitekturaz den bezainbatean, hala dio kontratazio publikorako Europako zuzentarauak (2014/24/EB), ondare publikoa birgaitzeko lanak eraikinen diseinu elektronikoko tresnen arabera lizitatu beharko direla. Hori dela eta, eraikitako ondarearen kudeaketan esku hartzen duten administrazioek eta eragileek tresna ahaltsuak eskatzen dituzte, hain da eta handia erabili eta kudeatu beharreko informazioa. Berebizikoa da, beraz, eraikinen geometriari eta kontserbazio-egoerari buruz eskuragarri dagoen informazio guztia biltzeko, alderatzeko, partekatzeko eta kudeatzeko tresnak izatea.

Datu horien artean daude, besteak beste, eraikinen geometria, eduki tematiko eta historikoak, eraikuntzari buruzko informazioa, aurretiko esku-hartze faseak, antzemandako aldaketak eta mantentze- edo zaharberritze-jarduerei buruzko informazioa. Bestalde, 2014/24/EB zuzentaraua gogoan, zera dio Arkitekturaren Kalitateari buruzko ekainaren 14ko 9/2022 Legeak: administrazioak tresna elektroniko espezifikoen erabilera sustatuko duela sektore publikoak bultzaturiko proiektuetan, hala nola eraikuntzako informazioaren modelatu digitaleko metodologiak (BIM) edo antzekoak, teknika berritzaileak abiatuta.

Ikerketa-lerroak BIM metodologia hogeiko arkitekturan aplikatzea du xede, bai eta haren aplikazioa optimizatzea ere. Ikerketa taldeak berak ezarritako jarraibideei jarraituko die, informazioa aztertzeko, tratatzeko eta kudeatzeko metodologia berritzailea garatu baitu, 3D as-built eredu grafiko bat oinarri hartuta eta funts espezializatu baten bidez: datu historikoak, arkeologikoak, arkitektonikoak, eraikinak bizi izandako transformazioak, etab.; hori guztia fotogrametria edo 3D eskanerra erabilita, eraikin historikoetarako bereziki baliagarriak baitira metodook, irregulartasunak eta eraikinek iraganean jasandako dituzten transformazioak direla eta.

Lerroak, halaber, aztergai izango du nola aplikatu hogeigarren mendeko ondare arkitektonikoaren kudeaketan Informazio Geografikoko Sistema (GIS), errealitateari buruzkoak jasotzeko eta elkarrekin erlazionatzeko moduak integratzeko aukera ematen baitu. GIS batean, aldi berean, kartografia -dela topografia, dela gaikakoa-, satelite-irudiak, zeinahi datu-funts edo argazkiak jaso eta bateratu ahal dira, baldin eta informazio hori guztia behar bezala georreferentziatuta badago. GISek errealitate geografikoa deskonposatu egiten du, gainjarritako informazio-geruza anitz batuta. Horretarako, datu kopuru handiari egitura emateko prozesu bat behar da, zeinak gaikako edukien arabera antolatutako informazio-mailak baliatzen baititu, landaredia, lurzoruak, erliebea, geologia eta bestelakoak adierazten dituzten mapa tematikoak tarteko.

20. mendeko Arkitekturaren katalogazioa eta inbentarioa

Ondare arkitektonikoaren corpusa identifikatzean, deskribatzean eta sistematizatzean datza katalogazioa. Funtsezkoak dira, gurean, udal-katalogoak, haien bidez jasotzen dira eta arkitektura-lanak Euskal Kultura Ondarearen Erregistroan eta Eusko Jaurlaritzako Oinarrizko Babeseko Kultura Ondasunen Erregistroan. Era berean, funtsezko oinarri dira katalogoak udalek eta toki-erakundeek sustatutako ondasun higiezinak eta hiri-espazioak birgaitzeko programak egiteko, horiek babesteko arauak ezartzen baitituzte. Ikerketa-lerroak hogeigarren mendeko etxeen eta arkitektura-multzoen katalogazioa du langai, aldi berean baliatuta 3D eskanerra bezalako teknika berritzaileak, nola katalogazioa justifikatzeko azterketa historiko konparatua.

Inbentariatuaz den bezainbatean, ondare arkitektonikoaren babes eta sustapena planifikatuko bada, lehen urratsa nola edo halako zaintza merezi duten eraikinak identifikatzea da, haien errolda orokorra jasota. Euskadiko ondare arkitektonikoaren inbentario zabalari heltzeko lehen saiakerak 1978koak dira. Ordutik, hainbat erakunde publikok sustatutako hainbat ekimen izan dira, nolabaiteko joera agertu baitute gero eta barietate tipologiko zabalagoak eta anitzagoak inbentariatzeko. Horri dagokionez, hogeigarren mendeko arkitekturak aintzatespena irabazi du mende mugan, eta, beraz, ehunka bizitegi-, industria- edo zuzkidura-eraikin jo izan dira azken aldian zaintzeko edo babesteko modukoak.